IKASTEN
Umeei irakasteko era ezberdin eta berriak
viernes, 29 de junio de 2012
MOVIE MAKER-EN EGINDAKO IPUINA
Hona hemen movie maker-en egindako ipuina. Animaliak landu daitezke eta guk egiteko aukera izanda umeen izenak jarri ditzakegu haien motibazioa eta interesa handitzeko.
GOOGLE EKOSISTEMA
Google gaur egun interneten dagoen bilatzailerik garrantzitsuena da, baina mundu guztiak ez daki bertan sartuta dauden proiektu eta inbertsioak. Hona hemen:
Google hedabide garrantzitsuen konpetentzia zuzena izatera pasatu izan da: Google News (informazio esparruan), Google Base (sailkatzaile esparruan), Youtube eta Google Video (telebista esparruan), Google Maps (páginas amarillas eta aisialdi esparruan), Google Books (liburuak)...Hainbat esparruekin lehiatzen da egunero eta etorkizunean esparru horien kopurua handituz joango da.
Laburbilduz, Google berezko komunikabidea sortu du kazetari bat ere alokatu gabe.
"Ha creado el perfecto ecosistema Google de la información, en el que Google tiene el control de la audiencia y de los ingresos, dejando en manos de terceros la generación del contenido."
lunes, 25 de junio de 2012
HIK HASI ALDIZKARIA
Hezkuntzan lan egiten dugunontzat oso interesgarria eta baliagarria den aldizkaria hemen aurkezten dut.
Kasu honetan Txabi Arnal irakasle eta idazleari egindako elkarrizketa igo dut.
Hor doakizue Hik Hasi-ren web helbidea: http://www.hikhasi.com/
Haurra eta heriotza. Txabi ARNAL EHUko irakaslea eta idazlea 2012-06-11
Zergatik hitz egin behar diogu heriotzaz haurrari? Nola lagunduko digu haur-literaturak?
Heriotzaren
gaia ez da atsegina, noski, baina unibertsala da, halabeharrezkoa.
Batzuei galdera hau sortzen zaie: eta horren garrantzitsua al da gai
hori? Denoi gertatuko zaigun zerbait, dudarik gabe, ez da albistea,
arrunta da, egunerokoa, ohikoa. Denoi gertatu beharrekoa bada, orduan,
zergatik ezkutatzen dugu?
Pentsatzen dut heriotza hezkuntzan ez dela lantzen, edo
eskolan heriotzaz ez dela hitz egiten, besteak beste, askotan geu ez
garelako eroso sentitzen gai hori aipatzerakoan. Beste arrazoi bat izan
daiteke, agian, pentsatzea heriotzaz hitz egitea haurrarentzat
txarrerako izan daitekeela, larritu edo nahastu egingo dugula. Baina,
nire iritziz, justu kontrakoa eragingo dugu: batetik, haurrak gehiago
balioetsiko du daukana; eta, bestetik, lasaiago sentituko da, buruan
zerabilen korapiloa askatzen lagundu baitiezaiokegu.
Lehen
Hezkuntzan, eta batez ere Haur Hezkuntzan, haurrak jakin-min handikoak
direla ikasi dut irakasle izan naizen garaian, beste gauza askoren
artean: haurra etengabe prestatzen ari den biziduna dela, eta gauza
guztiei buruz jakin nahi duela, desatsegina izan arren.
Garai
horretako irakasle-eskarmentuak erakutsi dit, era berean, eskolako
curriculumak ez diela heltzen “gai deserosoei”. Bitxia da. Inguruneko
ikasgaiko curriculumak edo ikasliburuak aztertzen baditugu, ikusiko
dugu bizitza, garapena, ugalketa, eta abar azaltzen direla, zikloaren
aldi guztiak erakusten direla; heriotza, aldiz, ez da aipatu ere
egiten.
Heriotza eta beste gai deseroso batzuk sortzen
direnean ikastaldean, ordea, irakasleei baliabideak eta tresnak falta
zaizkie. Niri, behintzat, falta zitzaizkidan, eta falta zaizkit
oraindik. Ez dugu sekula gai hori jorratu, ez digute azaldu, ez dugu
azaldu, ez dakigu nola esplikatu, ez dugu baliabiderik, eta, gehienetan,
ez dakigu heriotzarekin zer egin. Ondorioz, baztertu egiten dugu.
Horri
guztiari hau ere gehitu behar diogu: nahiko zabalduta dago heriotza ez
dela gai egokia haurrekin lantzeko, haur bati azaltzeko. Hortaz,
sexuarekin, homosexualitatearekin eta beste hainbat gairekin batera,
tabuen zakuan ezkutatzen dugu heriotzaren gaia. Eta ezkutatze hori
familian eta komunikabideetan ere gertatzen da. Irakasleok eta, oro
har, helduok geure buruari galdetu beharko genioke zergatik ezkutatzen
dugun era horretara horren naturala eta unibertsala den gai bat, denoi
gertatu behar zaigun gertaera bat.
Heriotzaren gaia tratatzeko
era horrek zerikusi handia du, nire ustez, gaur egungo bizitzeko
moduarekin. Gure herriak txikiagoak zirenean, herritarrek parte hartzen
zuten hileta bat gertatzen zenean; familia eta hildakoa agurtu egiten
zuten; familiari lagundu egiten zioten, eta familia babestu egiten
zuten. Gaur egun, aldiz, gaixoak ospitalera eraman, eta, hiltzen
direnean, handik tanatoriora eramaten ditugu; ezkutatu egiten ditugu:
badirudi gaixotasuna eta heriotza ez daudela ongi ikusiak. Ospitalera
edo tanatoriora eramaten ditugunean, haurrengandik urrundu egiten
ditugu. Hortaz, heriotza helduoi dagokigun gai bihurtu da. Ohitura
bihurtzen ari da kultura hori, eta ez du asko laguntzen heriotza
ikusteko eran.
Oso garrantzitsua da haurrekin hitz egitea:
baita gai horiez ere. Aurrez aurre, itzuli-mitzuli ibili gabe, eta
haurrak ulertuko du, bere neurrian. Beraz, horixe da oinarrizkoena,
funtsezkoena: haurrari esatea, eta egia esatea.
Izan ere,
askotan, errealitatea gezur baten atzean gordetzen dugu. Hori oso
kaltegarria da haurrarentzat, mina bikoiztu egiten baitiogu. Haurrak
absentzia nabarituko du, eta, egun batean egia esaten diogunean,
gainera, gezurra esan geniola konturatuko da, eta gureganako konfiantza
ezbaian geratuko da.
Ez da erraza, ordea, haurrari maite duen
norbait hil dela esatea. Etxekoek haurra ezagutu behar dute, jakiteko
zer, noiz eta nola esan. Baina abiapuntua horixe da: esan egin behar
zaie, eta lehenbailehen, gainera. Esateko lan horretan, oso kontuan
hartzekoak dira norberaren sineskerak. Sinesmendunek, akaso, erantzun
gehiago, argudio gehiago, izan ditzakete, haurrak egin ditzakeen
galderetarako. Norberak kontatu behar du heriotza, bere sinesmenak
kontuan hartuta edo sinesmena abiapuntu izanik; baina, betiere, zer
gertatu den kontatu behar zaio haurrari. Jokabide horrek asko lagunduko
dio haurrari doluan.
Yalom psikiatra juduak umezurztegi batean
egin zuen ikerketak baieztatu egiten du jokaera horren egokitasuna.
Umezurtz batzuei hasieratik esan zitzaien han zergatik zeuden; beste
batzuei, berriz, beste erantzun bat eman zieten, behin-behinekoa.
Ikerketaren ondorioak argiak izan ziren: hasieratik egia jakin zuten
haurrek dolua azkar eta ongi egin zuten. Gezurra esan zitzaienek,
aldiz, ezin izan zuten dolua osatu, egia jakin zuten arte. Horren
ondorioz, dolu fasea luzatu egin zitzaien, eta min luze eta handia bizi
izan zuten. Ikerketa horrek argi adierazten du, beraz, zein funtsezkoa
den haurrari hasieratik egia esatea.
Horregatik, izugarri
poztu nintzen Heriotzaren Pedagogia izeneko korrontearen berri izan
nuenean. Hezkuntza- eta didaktika-arloetan orain arte inor gutxi
urratzen ausartu den bideetan barrena gidari lanak egiten ahalegintzen
da korronte hori, hezitzaileei eta helduei begira.
Haurrek
galera bat izan dutenean behar duten laguntzaz, sentimenduak libreki
adierazten uzteaz, hala nahi dutenean maite duten hori agurtzen uzteaz
eta nahi dutenean heriotzaren gainean libreki hitz egiteko aukera
izateaz mintzo dira Heriotzaren Pedagogian dabiltzan pedagogoak. Haien
iritziz, era horretan jokatzeak, heriotza desmitifikatzeaz gain,
heriotza ulertzen laguntzea dakar, eta txikienei beren minari eta
beldurrei era naturalean aurre egiten laguntzea, galera ahalik eta
trauma gutxienarekin onartzearen alde lan egitea eta pausoak ematea.
Nola azaldu, baina, haurrari heriotza?
Haur
bati heriotza kontatzeko, egokia izan daiteke liburu bat (ipuin bat,
album bat) erabiltzea. Ezin dugu, ordea, guztia liburuaren gain utzi;
liburua tresna bat besterik ez da. Heriotzaren Pedagogia korronteak
heriotza azaltzeko hainbat jarduera proposatu ditu. Jarduera horiek bi
multzotan bereizten ditu:
Prebentzio-jarduerak:
heriotza gertatu aurretik egin beharreko jarduerak dira, beste edozein
motatako jarduerak egiten diren gisara. Ez da beharrezkoa taldean
heriotza bat gertatzea –senideren batena, edo maskotaren batena–,
jarduera horiek egiteko: heriotza tratatu egin behar delako, landu egin
behar delako, egin behar dira.
Jarduera aringarriak: heriotza gertatu ondoren egiten direnak dira.
Nire
ustez, garrantzitsuagoak dira lehenengoak. Askotan, heriotza bat
gertatu denean bilatzen ditugu tresnak edo jarduerak heriotzaz hitz
egiteko, eta, beharbada, une hori ez da aproposena haurrarentzat, ez da
mementoa, minduta baitago. Horregatik, pentsatzen dut heriotza gaitzat
duten liburuak eta materialak aurretik landu behar direla.
Haurrentzako albumak aztergai
Nire
asmoa heriotzaren gaiaz ari ziren euskarazko albumak aztertzea zen.
Ohartu nintzen, baina, aurkitu nuen album kopurua ez zela tesirako
corpusa osatzeko adinakoa.
Horregatik, era batera edo bestera
heriotza jorratzen zuten gaztelaniazko 57 album inguratu nituen,
liburutegietan, German Sanchez Ruperez Fundazioan eta hainbat
aldizkaritako erreferentzietan aurkitutakoak.
Albumak aukeratu
nituen, Haur Hezkuntzan askotan erabiltzen den generoa delako.
Albumetan, testuaren eta marrazkien bidez kontatzen dira istorioak: biek
kontatzen dituzte istorioak, eta bien artean osatzen dituzte.
Albumak
aukeratzerakoan erabili nuen beste irizpide bat gaurkotasuna da:
albumak bizirik egotea nahi nuen, norbaitek eskuratzeko interesa bazuen,
erraz topatzeko. Horregatik, aztertutako albumak 1980tik 2008ra
bitartean argitaratutakoak dira.
Albumak aztertzen hasi
aurretik baneuzkan hipotesi batzuk. Pentsatzen nuen, horrelako gai
deseroso bati buruz aritzerakoan, arlo didaktikoari emango zitzaiola
lehentasuna: haurrei ipuin-formatuan heriotza nola kontatu izango
zutela kontuan.
Nire harridurarako, ordea, liburu horietan
arlo didaktikoak oso pisu txikia du. Baziren album batzuk oso
didaktikoak zirenak, baina gutxi, % 10 ere ezta: aztertutako 57etatik 5
edo 6 besterik ez dira sortu interes didaktikoarekin. Gainera, liburu
didaktiko horiek, batez ere, lehen hamarkadakoak dira. Joera, beraz,
gero eta literarioagoa da; heriotzaz hitz egiten dute, baina
naturaltasunez.
Bestalde, hainbat ikuspegitatik lantzen dute
heriotza: motak edo zergatiak askotarikoak direlako, hildakoak
desberdinak direlako, eta abar. Haurraren ikuspegitik ere heltzen diote
heriotzari, haurrentzako liburuak direlako eta, nolabait,
irakurlearekiko konplizitatea bilatzen dutelako.
Nire beste
hipotesi baten arabera, erlijioak pisu handia izango zuen, halaber. Ez
zen horrela gertatu. Albumetan, bizitza ziklo bat dela azpimarratzen da
batez ere, eta oso gutxitan ematen da azalpen erlijioso bat: ez dira %
10era iristen. Uste dut haurrarentzat egokia dela hori; izan ere, 6
urteko haurraren pentsamendua ez da batere abstraktua, eta egiazta
dezakeena soilik aipatzen zaio album gehienetan, lege fisikoak esaten
duena: lege fisiko eta unibertsalak esaten du jaio eta hil egiten
garela, alegia. Beraz, albumak ikuspegi laiko batetik eginda daude.
Izan
nuen beste ezustekoa sexuen trataera izan zen. Nire hipotesiaren
arabera, sufrituko zuena eta sentimenduak adieraziko zituena neskatoa,
neska, emakumea izango zen. Sexuen trataera, ordea, oso orekatua da
aztertu ditudan albumetan; hau da, batez ere dolua haurrek bizi dute,
eta ia neurri berean sufritzen dute neskek eta mutilek. Eta oreka hori
ez da alde kuantitatiboan soilik agertzen, biek sufritzen eta
azaleratzen baitituzte sentimenduak; are harrigarriagoa da hori, kontuan
izanik sentimenduak adieraztea beti emakumearen rola izan dela. Are
gehiago, heriotzarekin oso lotuta dagoen sentimendu bat, beldurra, batez
ere mutilek adierazi edo azaleratzen dute. Heriotzaren aurrean
oldartzea, ez konformatzea, hori batez ere neskek agertzen dute.
Aitzitik, laguntzeko zeregin edo funtzioari dagokionez, dolua egiten ari
den haurrari laguntzen diona emakumea da beti: haurrari gertatutakoa
azaltzen diona, haurra babesten duena, eta abar, emakumea da: ama,
amama... beti emakumea. Gizonari ez zaio babes- edo laguntza-funtzio
hori egiteko aukerarik ematen. Arlo horretan, sexuen ikuspegitik, beraz,
ez da batere orekatua.
Azterketan nabarmen agertu den beste
alde bat albumen ausardia da. Albumetan, hiltzen dena batez ere aitona
da. Hori bizilegea da, naturala da, bizitzan, gehienetan, horrela
gertatzen delako eta datu demografikoek ere hori diotelako.
Haur-literaturak, baina, ez du ukatzen ama ere hil daitekeela: album
batzuetan hala gertatzen da, ama da hiltzen dena. Eta hori ausardia
handiz jokatzea da, haurrarentzat ama baita pertsonarik garrantzitsuena.
Beste batzuetan, haurra bera da hiltzen dena.
Bestalde,
heriotza bortitzak gertatzen dira: gerra agertzen da, adibidez. Ez da
ezkutatzen, beraz, heriotza era bortitzean ere gertatzen dela.
Esku
artean nuen beste hipotesi bat hauxe zen: haur-literatura dela kontuan
izanik, egileek, askotan, filtro modura animaliak erabiliko zituzten.
Izan ere, ez da gauza bera heriotza animalien bidez kontatzea, edo
gizon-emakumeen bidez kontatzea. Albumetan, zenbaitetan, animaliak dira
hildakoak, baina ez dira % 25era iristen. Beraz, esan genezake heriotza
naturaltasunez erakusten dutela.
Albumen azterketak beste
alde bat utzi du argitan: gaur egungo literaturan, oraindik ez da
erakusten heriotzaren alde fisikoa; hilotza ez da erakusten, ez testuan
eta ezta irudietan ere. Horrekin batera, denbora iragatearen eta
gaixotasunaren ondorio fisikoak ere ez dira erakusten.
XXI.
mendearen lehen urteetan, bikoiztu egin da heriotza gai nagusi duten
haurrentzako lanen kopurua. Alta, heriotzaren inguruko haur-literatura
dei diezaiokegun horretan, hainbat azpi-tabuk hor jarraitzen dute.
Zenbait heriotza-arrazoik ezin aipatuzkoak izaten jarraitzen dute.
Heriotza leundu egiten da. Lan horietan, heriotza adinekoei era
naturalean gertatzen zaien gertaera gisa aurkezten jarraitzen da, ez
zaie gazteei ia inoiz gertatzen, gainera. Ez dago bortizkeriarik, ez
istripurik, ez gaixotasun terminalik, eta are gutxiago suizidiorik.
Doluaren osaera egokia
Haur-literatura
ausartaren hariari tiraka, J. William Worden psikologiako irakasleak
dio dolua ongi osatzeko, haurrak bi behar ase behar dituela: alde
batetik, babestuta edo lagunduta sentitu behar du, pertsona bat izan
behar du ondoan, sentitzen duena kontatu ahal izateko; bestalde, haurrak
hildakoa agurtzeko aukera izan behar du. Wordenen ikerketen arabera,
haurrak hildako lagun maiteari agur esateko aukera baldin badu, agur
esaten badio, dolu fasearen edo aldiaren lehen etapa jada gainditua
izango du. Aztertutako album askotan, haurrari aukera ematen zaio
hiletan, elizkizunetan eta halako agurretan parte hartzeko, eta haurrak
parte hartzen du. Haurra heriotzara hurbiltzeko modu bat da, eta oso
interesgarria da hori. Beraz, alde horretatik ere, haur-literatura
ausarta da, haurra errealitate horretara hurbiltzen duelako. Ausarta
eta egokia, gainera.
Aztertutakoak aztertuta, esango nuke
heriotzaren gaiak haur-literaturaren interesa piztu duela. Pixkanaka,
gero eta liburu gehiago argitaratzen dira, heriotzaren gaia jorratzen
dutenak. Aztertutako 57 albumetatik, 31 azken zortzi urteotan
argitaratutakoak dira. Datu horretatik ondoriozta daiteke heriotzaren
gaiak baduela interesa literaturarentzat. Kontua litzateke interes
horren jatorria zein den aztertzea: egoeraren araberakoa den; egilearen
ekimenez gertatu den, hau da, sortzeko askatasunagatik izan den; edo
argitaletxeak, jendarteak eta ikastetxeek eskatu dutelako gertatu den.
Gerta daiteke hezkuntzan gai horren inguruan sortutako nolabaiteko moda
baten eragina izatea ugaltze hori, eta horrek badu arriskua: norbaitek
pentsa dezake jada bete dela zegoen hutsunea. Datozen urteek erakutsiko
dute hori horrela den ala ez.
Erronka handi bat dugu aurrez
aurre, tabu bihurtu ditugun gai “deseroso” horien gainean hitz egiteko.
Datozen urteetan, era naturalean idatzi beharko genuke, modu naturalean,
haien gainean. Izan ere, haurrak abentura nahi du, emozioa nahi du,
sentitu egin nahi du. Gai horiek agertu egin behar dute literaturan,
baina ez soilik deserosoak direlako, gainerako gai guztien pare agertu
behar dutelako baizik: haurrak jakin dezan beldurraz, abenturaz,
bizitzaren atseginaz... Baina haurrak bizitzak alde ilunak eta
tristeak ere badituela jakin behar du.
Jaiotzeak heriotza du
zor esaera zaharrak laburbil dezake, askotan, ezkutatzen dugun
errealitate horren mamia: heriotza beti egongo da, ezin dugu ezer egin;
gertatuko zaigu, eta gertatuko zaie. Hala ere, haurrekin gai horretaz
hitz egiten badugu eta gaia naturaltasunez ateratzen badugu, zama hori
eramaten lagundu egingo diegu, edo zama hori arinago eramaten,
behintzat. Lan horretan, tresna egokiak izan daitezke albumak. Eta
hiltzen jarraituko dugu, eta tristea izango da, beti. Baina, norberak
horrelako gertaera baten aurrean egin behar duen dolua egiteko, tresna
egokiak eskain diezazkiekegu.
Hainbat titulu aipagarri
Lehen
esan dudanez, album gehienen balio literarioa oso handia da, eta,
horregatik, eta ez soilik jorratzen duten gaiarengatik, liburutegietan
eta ikastegietan egon behar lukete. Hala ere, honako hauek aipatuko
nituzke, besteak beste:
-Van Ommen, Sylvia: Regaliz, Kokinos,
2005: balio literario handiko liburua da, eta, gainera, heriotzari buruz
hitz egiten du haur batzuen ikuspegitik, hildakorik egon gabe. 4
urtetik gorako haurrentzat.
Voltz, Christian: La caricia de la
mariposa, Kalandraka, 2008: haurrak aitonari galdetzen dio hil den
amonari buruz. Marrazkigileak, collagearen bidez, amona agerrarazten
du, aitonaren kontakizunak irauten duen bitartean. Proposamen egokia
heriotza aipatzeko, batzuk joan arren gelditzen direnak aipatuz. 6
urtetik gorako haurrentzat.
SCHÖSSOW, Peter: ¿Cómo es
posible?: La historia de Elvis, Lóguez, 2006: album honetan, neska bati
txoria hil zaio. Parkean dabiltzan lagunek lagundu egingo diote mina
arintzen. 6 urtetik gorako haurrentzat.
MINDOMO
Umeekin erabiltzeko beste baliabide bat mindomo izeneko programa daukagu hemen.
Kasu honetan Euskal Herriko herrialdeak eta jantzi eta dantza tradizionalak lantzeko mapa kontzeptuala egin dugu.
viernes, 1 de junio de 2012
CAMTASIA
Lehen igo dudan argazkia moldatu egin dut ONLINE IMAGE EDITOR izeneko programarekin. Umeekin euren argazkiak aldatzera jolastu dezakegu eta gela apaintzeko inprimatu ere. Horrela teknologia berriak gerturatu ditzakegu klasera eta gauza dibertigarriak egin umeek gozatu dezaten.
Hona hemen programa hau erabiltzen ikasteko tutoriala.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)